XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GOGORATU

Jesusen jarraitzaileok salbamena, Jesus bera alegia, esperimentatzen dugunean eta elkartean, Elizan, kideekin topo egiten dugunean Hura elkartegune delarik.

- Ezkontza sakramentuan Eliza gizakientzat salbamen egiten da haien maitasuna bedeinkatzean eta laguntzean.

- Apaizgoan eliztarren dohaineko zerbitzua bide Eliza salbamen egiten da gizadiarentzat.

- Eukaristia Sakramentuan justizi gose eta egarri direnentzat Eliza, salbamen egiten da.

- Sendotza sakramentuan ixiltasunaz, itsutasunaz, kultur ezaz, abandonuaz, jakinezaz, edonolako gabeziaz, ahuleziaz etsitakoentzat, Eliza, salbamen egiten da.

- Bataioan Jainkoaren ausentziaz, Haren pertsonaren ezagupen ezaz, idolatriaz etsitakoentzat, Eliza, salbamen egiten da.

Kristo beti dago presente bere Elizan eta batez ere ekintza liturjikoetan...

Presente dago bere indarrez sakramentuetan eta norbaitek bataiatzen duenean, Kristo berak bataiatzen du (Vaticano II, S.C. 17).

Eta, zergatik 7 sakramentu?.

Zazpi hori sinbolikoki ulertu behar da.

Bibliak, kristau tradizioak, giza ezagutzen zientziek, zazpi zenbakiaren sakontasun sinbolikoaz hitzegiten digute.

Zazpian oreka aurkitzen dute: - materia gauzatzen duten lau elementu nagusiak: lurra, ura, sua eta airea.

- absolutuaren, Hirutasunaren, jainkotasunaren hiru elementuak.

- batuketa (4+3) materia eta espirituaren oreka da, hemen behekoa eta han goikoarena, hil aurretikoa eta hil geroztikoarena, jainkozko eta gizazkoarena.

Guztitasuna esan nahi du, beraz, osotasuna, betetasuna.

Jainkoa eta gizakiaren arteko topaketa sinbolizatzen du.

Hitz batean: Jesukristo, alfa eta omega, hasiera eta amaiera, Jainko eta gizon.

Zazpi sakramentuak Jainkoak giza bizitza osoari eta munduari komunikaturiko salbamenaren osotasuna dira.

Sakramentu bat ospatzen dugun aldiro, hots: Jainkoarekiko sakramentu interpertsonal bat gure pertsona eta mundutik, ditugun etsipen eta zapalketa guztietatik askatzen gaituen salbamenaren partaide egiten gara.